Atzerriko unibertsitate eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa udazkenean bueltatuko da
2023/08/03
Euskara. Kultura. Mundura.
Atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa antolatu dute, beste behin, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak. 2023ko urriaren 6tik azaroaren 25era burutuko da ostiral eta larunbatetan, Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikiniean (Ondarreta pasealekua 18). Aurtengoan ere, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk telematikoan. Ikastaroaren programan xehetasunak kontsultatu daitezke.
Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua da euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea, edo Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak prestatzea lan horretarako.
Bi erakundeon artean sinatu den lankidetza-hitzarmenari esker, prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko da, eta metodologiak, tresnak eta baliabideak eskuratuko dira atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntzalaritza, didaktika, metodologia, kultura eta zibilizazioa ardatz hartuta.
Matrikula on-line egin ahal izango da uztailaren 3tik irailaren 20era (biak barne). Irailaren 25ean onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, finkatutako lehentasunen arabera antolatuta. Onartutakoek irailaren 25etik urriaren 1era arteko epea izango dute matrikulazioa egiteko.