Atzerriko unibertsitate eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa udazkenean egingo da
Euskara. Kultura. Mundura.
Atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa antolatu dute, beste behin, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak. 2022ko urriaren 7tik azaroaren 26ra burutuko da ostiral eta larunbatetan, Gasteizko UPV/EHUren campusean. Aurtengoan ere, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk telematikoan. Izena emateko epea irekita dago UPV/EHUren web orrian.
Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua da euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea, edo Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak prestatzea lan horretarako.
Bi erakundeon artean sinatu den lankidetza-hitzarmenari esker, prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.
Matrikula on-line egin ahal izango da abuztuaren 16tik irailaren 15era (biak barne). Irailaren 20an onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, finkatutako lehentasunen arabera antolatuta. Onartutakoek irailaren 20tik 30era arteko epea izango dute matrikulazioa egiteko.