AT! Literatura eta AT! Zinema deialdiak zabalik (2024)
Euskara. Kultura. Mundura.
AT! Literatura eta AT! Zinema deialdiak kaleratu ditu Etxepare Euskal Institutuak. Deialdi honen xedea literatura eta zinema arloko sortzaile eta eragileek (idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzendariak, aktoreak, gidoigileak, ekoizleak, etab.) nazioarteko hitzaldi, topaketa, jaialdi edo ekitaldietan parte hartu ahal izateko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzea da, betiere jarduera hauek sorkuntzarekin harremana badute eta onuradunek euskal kulturaren ordezkari bezala parte hartzen badute. Guztira 30.000 euro bideratuko dira eta abenduaren 31ra arte bidali ahalko dira proposamenak.
Etxepare Euskal Institutuak bere xedeen artean du euskal sortzaile eta eragileen mugikortasuna sustatzea. Xede horretan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da euskal sortzaileak nazioartera joatea. Hori dela eta, Etxepare Euskal Institutuak deialdi hau urtero argitaratzen du 2013tik, euskal literatura eta zinema sortzaile eta sorkuntza eragileak haien lana kanpoan zabaldu dezaten laguntzeko helburuz.