Asisko Urmenetak euskal komikigintza ordezkatuko du Bruselan
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal komikigintza bosgarren aldiz egongo da ordezkatuta irailaren 13, 14 eta 15ean Bruselan egingo den Fête de la BD – Strip Feest jaialdi entzutetsuan. Ekitaldi honek komikiarekin loturiko hamaika tailer, hitzaldi, aurkezpen, mahai-inguru eta erakusketa eskainiko ditu berriz ere. Horrez gain, Europa osoko editoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakutsiko dituzte bertan. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdi honetan, eta aurten Asisko Urmeneta euskal marrazkilaria egongo da horien artean.
Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta EUNIC-ekin (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) lankidetzan antolatu da euskal kulturaren parte hartzea; Etxepare Euskal Institutua 2015. urtetik baita sare horretako kide. Nazioarteko pabilioian, EUNIC-ek antolatutako standean egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako argitalpenekin batera; hala nola, Estonia, Polonia, Hungaria, Lituania, Israel, Finlandia edota Portugal. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoiztutako lanak aurkituko dituzte postuan; era horretan, sektoreko editoreek, profesionalek eta publikoak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute.
Aurten gonbidatua izan den euskal sortzailea Asisko Urmeneta marrazkilaria da. Bi ekintzatan hartuko du parte euskal ordezkariak, biak irailaren 14ean, larunbata. Batetik, goizeko 11:00etan tailer bat eskainiko du frantsesez, “Caricature, graphic design and sequential art” (Karikatura, diseinu grafikoa eta arte sekuentziala) izenburupean. Egun berean, 16:00etan, beste tailer bat eskainiko du Paulo Monteiro artista portugaldarrarekin batera: “Creating comics when you don’t know how to draw” (Komikiak egitea marrazten jakin gabe), azken hau ingelesez eta frantsesez.
Azokak iraungo duen egunetan zehar bere lan batzuk ikusgai egongo dira standaren ondoko espazio batean, EUNIC-en parte diren gainontzeko artisten lanekin batera, partehartzaile diren herrialdeetako komikigintzaren aniztasuna erakusteko asmoz. Horrez gain, azokara gonbidatuak izan diren EUNIC sareko autore guztiek azokaren egunetan zehar euren liburua sinatzeko tarte bat izango dute; Asiskoren kasuan, AztiHitza (2018).
Etxepare Euskal Institutua EUNIC Bruselako kide elkartu denetik kultura aniztasuna sustatzeko lanean aritu da Euskadiko Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin batera, eta nazioarteko zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola, mintzagai dugun Bruselako Fête de la BD komiki jaialdian edota hiri berean irailaren 26an hasiko den Transpoesie poesia jaialdian.