Artistas en Ruta egitasmoaren deialdi berria zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Artistas en Ruta egitasmoak berriz ere ireki du bertara musika proposamenak bidaltzeko deialdia. Martxoaren 20ra bitarte zabalik egongo den deialdi honetatik, 2020. urtearen bigarren kontzertu ziklorako taldeak hautatuko dira; irailetik abendura bitarte Estatuan zehar kontzertuak emango dituzten talde edota artistak, alegia.
AIEk (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen egitasmo honek Espainiako estatuan zehar areto ezberdinetan zuzeneko musika sustatzea du helburu, horretarako autonomia erkidego bakoitzeko hainbat artista edota talde hautatuz, urtero bi deialditan. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenari esker, egitasmoaren deialdi bakoitzean dago bermatua euskal artisten presentzia. Deialdi honetan izena emateko aurkeztu beharreko dokumentazioa eta deialdiari buruzko informazio guztia esteka honetan aurki daiteke.
Martxoaren 20an deialdia itxiko da; horren ondoren, epaimahaiak apirilean zehar aztertuko ditu hautagaiak, eta aukeraketa berria zein den jakinarazi (data oraindik zehazteke). Aurreko urte amaieran egin zuten aukeraketaren ondorioz, 2020. urtearen lehen erdian (urtarriletik ekainera) honako euskal artista edota taldeak ari dira Estatuan zehar kontzertuak eskaintzen: Hakima Flissi, Mississippi Queen and the Wet Dogs eta Nerabe.