Argentinako Amale Artetxe Katedra gaur aurkeztuko da

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-10-31

Gaur egingo da Etxepare Euskal Institutuak eta Argentinako CONICET erakundeak (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) hitzarmen bidez sortutako Amale Artetxe Katedraren aurkezpen ekitaldia. Institutuak munduan zeharreko Unibertsitate esanguratsuenetan kudeatzen dituen Katedretatik bederatzigarrena da hau, eta Argentinan arlo akademikoan euskal kulturari buruzko giza zientzia ikasketak eta ikerketak sustatzeko helburua du.

Gaur egingo da Etxepare Euskal Institutuak eta Argentinako CONICET erakundeak (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) hitzarmen bidez sortutako Amale Artetxe Katedraren aurkezpen ekitaldia. Institutuak munduan zeharreko Unibertsitate esanguratsuenetan kudeatzen dituen Katedretatik bederatzigarrena da hau, eta Argentinan arlo akademikoan euskal kulturari buruzko giza zientzia ikasketak eta ikerketak sustatzeko helburua du.

Aurkezpen ekitaldia Buenos Airesko San Martin kultur-gunean izango da gaur arratsaldeko 19:30ean. Bertan, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, CONICETeko Historia eta Giza Zientzien Diziplina Anitzeko Institutuko (IMHICIHU) Ariel Guiance, Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko Nazioarteko eta Erakunde arteko Harremanetarako eta Transferentziarako Idazkari Silvana Campanini, eta Amale Artetxeren senideak izango dira. Ekitaldia bi zatitan banatuko da: lehen zatian Katedraren aurkezpena egingo dute Larrazak, Guiancek eta Campaninik; eta, bigarrenean, omenaldia egingo zaio Amale Artetxeri, bere senideei aitortza eginez.

Amale Artetxe (Bilbo, 1894 – Buenos Aires, 1986) Emakume Abertzaleen Batza (EAB) erakundearen sortzaile eta lehenbiziko lehendakaria izan zen. Erakunde horretan lan handia egin zuen euskal kulturaren transmisioan, euskal dantza taldeak sortzen edota Euskal Herriaren historiari buruzko ikastaroak antolatzen, besteak beste. Horrez gain, eta bereziki, eragin handia izan zuen Artetxek Argentinako euskal emakumeen kolektiboaren ahalduntzean.

Ekintzaz beteriko egitaraua

Katedraren egitaraua urriaren 21tik dago martxan, eta bi arlotan dago banatua: egitarau akademikoa eta egitarau kulturala.

Arlo akademikoari dagokionez, Amale Artetxe Katedraren lehen urte honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Santiago de Pablo historialari aditua izan da irakasle gonbidatua. Urriaren 21etik 31ra bitarte, de Pablok “Estado y Nación en el País Vasco contemporáneo: los caminos de la identidad” (Estatua eta nazioa Euskal Herrian: identitatearen bideak) 16 orduko doktorego-mintegia eskaini du Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean. Horrez gain, urriaren 22an, asteartea, hitzaldi ireki bat eman zuen de Pablok “Los vascos y el cine: entre el estereotipo y la lucha por la identidad” (Euskaldunak eta zinema: estereotipoaren eta identitatearen borrokaren artean) izenburupean. Azkenik, gaur bertan, urriak 31, beste hitzaldi ireki bat izan da, kasu honetan de Pabloren eta CONICETeko, Buenos Airesko Unibertsitateko eta Tres de Febrero Unibertsitateko ikertzaileen presentziarekin. Hitzaldiak, “El combate por la memoria en el País Vasco: de la Guerra Civil a la actualidad” izenez, memoria historikoa eta Espainiako Gerra Zibila izan ditu ardatz.

Katedraren lehen urtea izanik, aurtengo egitarauak kultur ekitaldiak ere eskaini ditu. Ekintzak urriaren 30ean hasi ziren, Dantza filmeko Gari Otamendi dantzari protagonistak eta Telmo Esnal zuzendariak Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean eman zuten dantza tailerrarekin. Halaber, urriaren 31n, gaur, beste ekitaldi esanguratsu bat izango da Aurkezpen ekitaldiaren ostean: Dantza filmaren emanaldia izango da eta, ondoren, Esnal eta Otamendiren presentziarekin, galderetarako eta eztabaidarako tartea ere izango da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu