Koldo Mitxelena Katedra 2025: Ander Egurtzegi
Euskara. Kultura. Mundura.

-
17Mar 202514Eka 2025
Chicago
Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedrako ikerlari gonbidatua Ander Egurtzegi izango da.
Chicagoko Unibertsitateko doktoretza ikaslentzako mintegia eskainiko du Ander Egurtzegik, soinu-aldaketan edo euskararen hots egituran interesa dutenei bereziki zuzendua. Mintegi honetan, hots aldaketaren teoriei dagozkien hizkuntza-alderdi asko aurkeztuko dira. Mintegiaren ardatza euskara izango da, nahiz eta noizbehinka beste hizkuntza gutxitu batzuetako kasu-azterketak egingo diren (hala nola Ribagortzako aragoierarenak edo lakota hizkuntzarenak). Mintegiaren oinarrizko gaiak honako hauek izango dira: soinu aldaketaren funts fonetikoa, egungo aldakortasuna aldaketa historikoaren hazi gisa, hizkuntzen arteko kontaktuaren eragina, hots aldaketak hizkuntza-ikuspegi desberdinetatik aztertzearen abantailak, tipologikoki ezohikoak diren hots aldaketak, eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen dokumentazio fonetiko zehatzaren garrantzia, bai hots aldaketaren ikerketarako zein hizkuntzaren egituraren ikerketarako oro har.
Etxepare Euskal Institutua eta Koldo Mitxelena katedra
Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den katedrak honek. Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities delakoan txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara, lauhileko batez euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak ematera.