Agur 2018: urtearen gainbegirada
2018/12/28
Euskara. Kultura. Mundura.
2018. urtea amaierara iristen ari da, eta aurrekoetan bezala, urtean zehar Etxepare Euskal Institutuak egin dituen ekintzen balorazioa egiteko unea iritsi da. Aurten ere, Institutua mundu osoan zehar euskara eta euskal kultura zabaltzeko ahaleginean aritu da, nazioartean gure herriaren kultur enbaxadore gisa.
2018. urtea amaierara iristen ari da, eta aurrekoetan bezala, urtean zehar Etxepare Euskal Institutuak egin dituen ekintzen balorazioa egiteko unea iritsi da. Aurten ere, Institutua mundu osoan zehar euskara eta euskal kultura zabaltzeko ahaleginean aritu da, nazioartean gure herriaren kultur enbaxadore gisa.
2018an ere, Etxeparek kultur arlo ezberdinetan laguntza ematen jarraitu du. Batetik, euskal sortzaileen lanak nazioartekotzeko diru-laguntzak eman ditu oraingoan ere: euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko laguntzak (musika, arte eszenikoak, literatura, arte plastiko eta ikusizkoak modalitateetan), azoka profesionaletan parte hartzeko laguntzak, literatura-itzulpengintzako laguntzak eta euskal egileei eskaintzen zaizkien bidaia poltsak.
Horrez gain, euskal sorkuntza munduan zeharreko leku ezberdinetan ikusaraztea lortu du. Basque Music, Basque Dance edota Basque Audiovisual izenpeekin, nazioarteko hainbat azokatara eraman ditu euskal musika taldeak, dantza eta arte eszeniko konpainiak edota ikus-entzunezko ekoiztetxeak, besteak beste. Diziplina ezberdinetako hainbat artistaren ikuskizun eta erakusketak antola daitezen lagundu du mundu mailako jaialdi edota kulturgune ezberdinetan, eta hamaika idazleren presentzia bermatu du hainbat literatura jaialditan. Hainbat libururen itzulpenak sustatu ditu baita ere.
Euskal sorkuntza batzuek nazioartean egin duten lana goraipatzeko, era berean, hainbat sari banatu ditu Institutuak urtean zehar: MIN sarietan Euskarazko album onenaren Etxepare Saria (Delorean taldeari), Etxepare Laboral Kutxa Itzulpengintza saria (Amaia Gabantxori) edota Musika Bulegoa Sarietan Etxepare Euskal Institutua Musika Saria (Kalakan taldeari) aipa daitezke. Aurreko urteetan bezala, gainera, egonaldi artistiko batzuk ere sustatu ditu; hala nola, Poloniako Wroclaw hiriko AIR WRO programan euskal sortzaileen parte hartzea.
Bestalde, mugaz gaindiko hainbat proiektutan parte hartzen du Institutuak, eta bertatik ateratako ekintzak sustatzen ditu; adibidez, Europar Batasuneko kultura institutu nazionalen EUNIC sareko zenbait egitasmo (Fête de la BD komiki azoka eta Transpoesie jaialdia). Horietako beste programa bat Aquitaine.eus da, eta horren bitartez Euskadiko, Akitania Berriko eta Nafarroako artisten elkartrukea bultzatu nahi izan du; esaterako, hainbat artisten ekintzak sustatuz Akitaniako herri ezberdinetan (Bordeleko Projection Basque egonaldi artistikoa, Arroxelako Sunny side of the Dock jaialdia edota Libourneko Fest’Arts jaialdia).
Institutuak hitzarmen batzuk ere sinatu ditu, etorkizunean euskal kultura eta hizkuntza zabaltze aldera. Esaterako, kalitatezko dokumentalen proiektuak garatu ahal izateko hitzarmena Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi-Zineuskadi bulegoa eta IBAIA-rekin batera; edota, euskararen soziolinguistikaren ezagutza zabaltzeko, Soziolinguistika Klusterrarekin egindakoa.
Era berean, Institutuak unibertsitateen arloan lanean jarraitu du 2018an ere, arlo akademikoan euskal kultura eta hizkuntza ikasketak sustatuz. Euskara eta euskal kulturako irakurleek Etxepare Euskal institutuak lankide dituen mundu-mailako 34 unibertsitateetan euskara eta euskal kultura gradu mailan irakatsiz sustatzen dituzte euskal ikasketak. 8 katedrei esker, berriz, egotaldi laburren baitan irakasle gonbidatuek master eta doktorego mailan euskal ikasketetako gai espezifikoak lantzen dituzte. Honela, 2018 urtean zehar euskal hizkuntzalaritza, euskal kultura genero ikuspegitik, euskal memoria eta generoa, euskal kulturaren berrikuntza, etab. landu dira katedretan. Sare akademiko zabal honetan, gainera, hainbat ekintza antolatu dira urtean zehar: mintzodromoak, kontzertuak, hitzaldiak, jardunaldi gastronomikoak, etab.
Horretaz gain, Etxepare Institutuak antolatzen dituen prestakuntza programak ere gauzatu dira aurten; hala nola, Excellence in Basque Studies udako ikastaroan, aurten, Euskal Kultura eta Berrikuntza izan dira hizpide, eta irakurleei zuzendutako udazkeneko prestakuntza ikastaroan, UPV/EHU-rekin batera, etorkizuneko euskara eta euskal kulturako irakurleei formakuntza teoriko-praktikoa eskaini zaie.
Herbehereetako Leeuwarden hirian ere, 2018 urteko Europako Kultur Hiriburuan, izan du presentzia Etxepare Euskal Insitutuak, Euskararen Astea antolatu baita Euskaltzaleen Topagunea eta Frisiako AFûK elkartearekin batera. Bertan izan dira Xabi Paya eta Joxean Goikoetxea euskara, musika eta bertsolaritza mundu zabalera hedatzen.
Urte honetan burutu den ekintza berri eta azpimarragarrienetakoa da Euskara Munduan programaren kudeaketari ekitea. Programa honi esker mundu-mailako hainbat Euskal Etxeetan ere euskara eskolak sustatu dira. Bestalde, Mintzola ahozko lantegiarekin eta LABORAL Kutxarekin batera, bertsolaritza nazioartean azaltzeko What is Bertsolaritza? dokumental laburra egin du. Gainera, aurten lehen aldiz ospatu den Euskaraldia ekimenean ere Etxepare Institutuak hartu du konpromisoa, eta nazioarteko irakurle sareari esker, ekintza mordoa egin da Tokiotik hasi eta Santa Barbararaino hainbat hiritan.