Abian dira mugikortasunean laguntzeko AT! deialdiak
2025/04/04
Euskara. Kultura. Mundura.
Plazaratu dira antzerkia, dantza, musika, arte plastiko eta ikusizkoak, zinema eta literaturaren alorreko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntza deialdiak. Prozedura azkartu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko helburuz, baldintzak betetzea nahikoa izango da dirulaguntza jasotzeko.
Guztira, Etxepare Euskal Institutuak 654.000 euro bideratuko ditu aurten AT! euskal kultura kanpoan zabaltzeko dirulaguntzetara, lau deialditan banatuta. Lehenbiziko biak, batetik antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta ikusizkoen alorreko sortzaileen mugikortasuna sustatzea helburu duena; eta bestetik zinema eta literaturaren alorreko profesionalei zuzendua, apirilaren 4an argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Halaber, maiatzean zehar ´AT! Euskal dantzak eta abesbatzak´, ´AT! Euskal kultura´ eta ´AT! Literatura-itzulpenak´ deialdiak plazaratuko dira; 30.000€, 20.000€ eta 63.000€-ko zuzkidurarekin.
Dirulaguntza hauen xedea da Euskal Herritik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea.
Antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta ikusizkoak
Diziplina hauen kasuan irailaren 30a bitarte eskatu ahal izango dira laguntzak, eta 2025. urtean zehar Euskal Herritik kanpoko jaialdi, kultur gune, programazio edo jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko mugikortasun gastuak, ostatua eta dietak ordainduko dira.
Diziplina artistikoaren arabera, lau prozeduratan banatu da deialdia, eta guztira 511.000 euroko zuzkidura du: AT! Antzerkia 166.000 euro, AT! Dantza 90.000 euro, AT! Musika 175.000 euro erta AT! arte plastikoak eta ikusizkoak 80.000 euro.
Zinema eta literatura
Bigarren deialdian eskainitako dirulaguntza abenduaren 31ra arte edo zuzkidura amaitu arte eskatu ahal izango da. Orotara 30.000 euroko zuzkidura izango du.
Puntuazio irizpide eta prozedurak
Antzerkia, dantza, musika eta arte plastiko eta ikusizkoen alorreko mugikortasunerako dirulaguntza deialdia lehiarik gabekoa izan arren, aurreko urteetan erabili diren balorazio irizpideak oinarri hartuta, Institutuak bilatzen dituen helburuen arabera puntuatuko da, jakinik helburu nagusia dela oinarrizko baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak laguntzea. Dirulaguntzen kopuruak zehazteko irizpide-ardatzak:
- Jarduera hartuko duen testuinguruaren oihartzuna edo prestigioa
- Proiektuaren autofinantzaketa maila
- Euskararen presentzia proiektuan
- Genero irizpidea
- Eskatzailearen presentzia digitala
Literatura eta zinema alorreko mugikortasunerako dirulaguntzen kasuan jaso ahala ebatziko dira, diru-zuzkidura agortu arte edo epea amaitu arte.
Dirulaguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Herrian kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.