BASQUE. 1x05 | Itziar Ituño eta aldaketarako tresna den artea
Euskara. Kultura. Mundura.
BASQUE. podcastaren lehen denboraldiaren amaierara iritsi gara bosgarren atalarekin! Oraingoan Itziar Ituño dugu gurekin, nazioartean lortu duen arrakastaren inguruan gogoeta egiteko.
Euskal aktoreak bazuen izena gure lurraldean, baina La Casa de Papel telesailaren ostean mundura egin zuen jauzi. Netflixen estreinatu eta hiru egunetara, hiru milioi jarraitzailetaraino heldu zen Instagramen eta, azkenean, bost urtez luzatu zen bere Madrilgo abentura.
Txikitan, aktore izan nahi zuela esan zuenean, barrez hasi zitzaizkion eskolako lagunak, oso lotsatia baitzen. Baina garbi zuen bere ametsa. Halere, ez zuen espero hainbesteko ospea lortuko zuenik. Hasiera batean ez zuen Madrilgo proiektuan parte hartzeko asmorik, eta sustoa hartu zuen bera hautatu zutela jakiterakoan, eroso bizi baitzen Euskal Herrian. Baina froga egitea erabaki zuen, eta, egun, telesailaren eztandari esker lortu duen oihartzuna baliatzen ari da euskal kultura eta hizkuntza aldarrikatu eta hedatzeko.
BASQUE. podcastaren atal honetan, bere ibilbideaz eta arteak aldaketarako tresna gisa duen funtzioaz hausnartu du aktoreak.
BASQUE. podcasta
Euskal kultura eta sormena mundura zabaltzeko erakusleihoa da Basque. podcasta. Atalez atal, inspirazio-iturri ditugun hainbat sortzaile eta pertsona ezagun izan ditu protagonista; zinemaren, gastronomiaren, hizkuntzaren eta artearen ordezkari nabarmenak, hain zuzen.
Nazioarteko entzuleari espreski zuzendutako podcast honek jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost atal ditu. Lehen denboraldiko elkarrizketak urritik abendura bitartean plazaratu ditugu Podcast atalean, baita audio plataforma nagusietan ere.