2theatre konpainia bilbotarrak Interbeing antzezlana estreinatuko du Fringen

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-07-04

Svetlana Biba eta Txema Perez aktoreek zuzentzen duten eta Bilbon egoitza duen 2Theatre nazioarteko antzerki konpainiak Interbeing lana estreinatuko du Edinburgoko Fringe jaialdian. Antzezlan horrek giza-gatazkaren erraietan arakatzen duen istorioa kontatzen du eta ikusgai izango da Edinburgoko Assembly Rooms-eko Ballroom aretoan, abuztuaren 1etik 25era. 2theatre-rekin batera aurten beste hainbat euskal artista eta konpainiek erakutsiko dute euren lana Fringen, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik.

Svetlana Biba eta Txema Perez aktoreek zuzentzen duten eta Bilbon egoitza duen 2Theatre nazioarteko antzerki konpainiak Interbeing lana estreinatuko du Edinburgoko Fringe jaialdian. Antzezlan horrek giza-gatazkaren erraietan arakatzen duen istorioa kontatzen du eta ikusgai izango da Edinburgoko Assembly Rooms-eko Ball Room aretoan, abuztuaren 1etik 25era. 2theatre-rekin batera aurten beste hainbat euskal artista eta konpainiek erakutsiko dute euren lana Fringen, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik.

Interbeing muntaiak ukrainar gatazkaren inguruan konpainiak berak egindako ikerketa lanetik eratorritako testigantza autobiografikoak ditu sorburuan; hori oinarri hartuta, gai anitzak lantzen ditu, maitasuna edo traumaren ondorengo sindromea, esaterako. 2Theatre konpainiaren arduradun eta ikuskizunaren sortzaile, zuzendari eta antzezle den Txema Perezen hitzetan, “nire pertsonaia gatazkan argazkilari diharduenarena da; baina ikuskizunak aurrera egin ahala nire papera gatazkarekin berarekin nahasten da, eta, horri lotuta, honakoa da muntaia honen bidez ikusleei luzatu nahi diegun galdera: zein da norbanakoaren rola gatazka batean? Posiblea al da ikusle bakarrik izatea? Edo ikusten ditugun gauzen parte gara, nahi ala ez?”.

Interbeing lanaren nazioarteko estreinaldia Fringen, mundu mailako arte eszenikoen jaialdi nagusian izango da. 2Theatre konpainiarekin batera, abuztuan,jaialdi horren egitarauaren barruan ariko dira Edinburgon Krego-Martín Danza, Tío Teronen Semeak eta Akira Yoshida, eta bertan estreinatuko da, halaber, Atlantik 1050 ikuskizuna. Euskal artistak Fringen izatea Etxepare Euskal Institutuak sustatutako #ScotlandGoesBasque programak ahalbidetu du; horri esker, euskal kultura presentzia nabarmena izaten ari da aurten Eskozian, genero ezberdinak lantzen dituzten euskal artistentzako erakusleiho bihurtuta.

Interbeing kuskizunaren izaeraren inguruan, Txema Perezek dio: “Gure ikuskizunetan antzerki bisuala egiten dugu, maskarak, irudiak, mugimendua eta abar erabilita; hitzak badu bere lekua (euskarak, kasu honetan), baina guztiok ulertzeko moduko muntaiak dira, munduko edozein lekutan eginda ere ulergarri gertatuko direnak”. Irudi bidezko rapsodia gisa definitua, Interbeing ikuskizun oso bizia da eta lan fisikoak garrantzi handia du horretan: Txema Perezen zuzendaritzapean, euskal zein ukrainar antzezleek dantza, antzezpena eta akrobaziak baliatzen dituzte istorioaren sakontasuna eta indarra publikoari helarazteko. Antzezleen lan hori laguntzeko, askotariko baliabideak erabiltzen dira, hala-nola Mikey Kirkpatrick musikariak sortu eta zuzenean interpretatuko duen musika, objektuen animazioa, zenbait artefakturen erabilera eta baita ukrainar gatazka armatua jasotzen duen argazki dokumental bilduma zirraragarria. “Argazki horiek argazkilariek zein soldaduek eginak dira; izan ere, askotan soldaduak eurak dira kazetari lana egiten dutenak, esku batean kamera eta bestean erriflea hartuta”, dio Txema Perezek; eta egoera hori da antzezlanak islatu nahi duena. Gainera, benetako istorioak diren bezala, eszenan erabilitako jantzi zein objektuak ere jatorrizkoak dira, familiek zein soldaduek emandakoak.

Interbeing bi urtez garatutako lan prozesuaren emaitza da. 2017 uztailan London Physical Theatre School eskolak estreinako antzerki fisikoko udako eskola eman zuen Ukrainian; bertako hogeita hamar profesional bildu zituen eskolak mindfulness delakoa eta lankidetza erabili zituzten antzerkia lantzeko teknika gisa. Emaitza Kieveko GOGOLfest nazioarteko jaialdian aurkeztu eta ikuskizuna Elorrio eta Basaurin gorpuztu zuten, Eusko Jaurlaritzaren egoitza bati esker. Hausnarketa prozesuan bildutako edukia erabiliz, antzezlana eratzeko eskolan bertan jardundako lau antzezle hautatu zituzten; euren baliabide artistikoez gain, laurek ezaugarri dute indarkeriarekin lotura, bai zaletuen talde erradikaletako kide izanagatik edo baita bere jaioterrian egun bizi den gatazka armatuan izandako inplikazioagatik ere.

Interbeing ikuskizunean esku hartzen dutenak dira Svetlana Biba eta Txema Perez, sortzaile eta antzezleak; Kristin Indahl eta George Siena, zuzendari gonbidatuak; Daniil Timofeev, Dmitriy Stoyan, Konstiantyn Pryvylovskyi eta Semjon Kislyj, antzezleak; Mikey Kirkpatrick, musikaria; Arantza Heredia, argien diseinuaren egilea; eta Maria Montague, muntaiaren arduraduna.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu