Thessaloniki Book Fair: Patxi Zubizarreta

Euskara. Kultura. Mundura.

Thessaloniki Book Fair: Patxi Zubizarreta
  • 04
    Mai 2023
    07
    Mai 2023
    Tesalonika

Beste behin ere, euskal literaturak ordezkaritza izango du maiatzaren 4tik 7ra Grezian, Tesalonikako Liburu Azokan. 19. Azoka honetan, Patxi Zubizarreta idazlea azokan parte hartuko du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

Azoka kulturala urtero ospatzen da greziar hiriko International Exhibition and Congress Center-en, eta egun herrialdeko egitasmorik ezagunenetarikoa da. Helburua bisitariei mundu mailako argitalpen garaikidearen berri ematea da.

Azokaren ardatza argitalpen berrien aurkezpena, literatur trukea sustatzea eta liburuaren nazioarteko merkatuko adituen sareak sortzea da. Azokako ekitaldi aipagarrienen artean irakurketak eta eztabaida-txandak nabarmentzen dira, bisitariei gaurkotasuneko gaiei buruzko iritziak trukatzeko aukera ematen dutenak. Aurtengo ekitaldiaren izaera polifonikoa 40 bat herrialdetako egile, itzultzaile eta liburu-profesionalen presentziak aberastuko du, topagunerako eta sareak sortzeko elkarrizketarako plataforma sortuz.

Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, 1964) Euskal Filologian lizentziaduna da. Bere lanaren ezaugarri nagusia haur eta gazteentzako euskarazko literaturari egin dion ekarpena da. Gazte eta haur literaturaz gain, helduentzako literatura ere egiten du: ‘Jeans-ak hozkailuan’ (Alberdania, 2000), ‘Mundua lo dagoen bitartean ‘(Txalaparta, 2008) edo ‘Laranja bat zaborretan’ (Elkar, 2015), besteak beste. Bere obrak hainbat hizkuntzetara itzuli dira, eta bera ere gazte literaturaren  itzulpen lan garrantzitsuak  egin ditu, hala nola, ‘Mila gau eta bat gehiago’ eta Saint- Exupèryren ‘Printze txikia’.

Haur eta gazte literaturaren arloan hainbat sari eta errekonozimendu lortu ditu, hala nola, Lizardi Saria (1991n, ‘Matias Ploff-en erabakiak’ lanagatik), Baporea Saria (1994an, ‘1948ko uda’ obrarengatik), Antonio Maria Labaien Saria (1995ean, ‘Eztia eta ozpina’ lanagatik) eta Euskadi Literatura Saria lau aldiz: (1998an 2006an, 2010ean eta 2019an). Gainera, White Ravens katalogoan eta IBBYren Ohorezko Zerrendan daude bere lanak.

Azken urteotan, ikuskizunak edo performanceak egin ditu literatura eta ikus-entzunezko baliabideak fusionatzeko helburuarekin, hala nola, ‘Zikoinaren hegaldia’ edo ‘Hamar mezu eta dei bat’.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu