MIN Sarietara aurkeztu nahi duzu? Izena-ematea zabalik!
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtero musika independentearen ezinbesteko zita bihurtzen diren MIN Sariek 10 urte beteko dituzte aurten, eta bertara lanak aurkezteko epea ireki da jada. Bertako 22 kategorien artean Euskarazko Album Onena sarituko du beste behin Etxepare Euskal Institutuak.

10. edizio honetara lanak aurkezteko epea zabalik egongo da urtarrilaren 19ra arte. Bertara aurkeztu daitezke 2017an zehar zigilu independenteek edota norberak editatutako lanak dituzten artistak (albumak, sigle-ak zein Lpak). 2017an egindako zuzenekoak eta bideoklipak ere aurkeztu daitezke. Izena-ematea doakoa da eta www.premiosmin.com web orriaren bidez egin daiteke.
Aurten ere, publikoaren parte-hartzearen garrantzia aitortu nahi dute bozketa prozesuaren bitartez. Lehendabizi publikoaren bozketa egingo da urtarrilaren 29tik aurrera. Modu honetara kategoria bakoitzeko 30 semifinalistak hautatuko dira. Hurrengo fasean, horietatik bost lan nominatuak aukeratuko ditu epaimahai profesional batek. Irabazleak nor diren MIN Sarien ekitaldian jakinaraziko da, martxoaren 14an Madrilgo Teatro Circo Price-n.
Unión Fonográfica Independiente-k antolatutako sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.