Aquitaine.eus egitasmoaren udazkeneko programa, abian!
Euskara. Kultura. Mundura.
Eusko Jaurlaritzak eta Région Nouvelle Aquitaine-k osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundea-k2016ko martxoan abiarazi zuten Aquitaine.eus egitasmoak aurrera darrai.
Ipar eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako jaialdi eta ekitaldietan erakustea eta Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzea du helburu programak, eta horretan ariko da datozen hilabeteotan.
Euskal musikak presentzia handia izango du 2016ko udazkeneko proposamenean. Azaroaren 4an Iñaki Salvador Trio taldeak kontzertua eskainiko du Bordeleko kanpoko aldean dagoen Le Rocher de Palmer kulturgune ezagunean, 19:30etan. Horrekin batera, Donostiako Jazzaldiaren lehen 50 urteei buruzko erakusketa ere inauguratuko da egun horretan bertan, 18:30etan; azaroaren 25era arte zabalik izango den erakusketa honetan Donostiako Nazioarteko Jazz Jaialdia ospetsuaren 50 urteetako afixak egongo dira ikusgai.
Bestalde, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak eta Aitor Furundarena akordeoilari ordiziarrak euskal musika tradizionaleko ikastaroa eskainiko dute azaroaren 22an eta 23an Le Rocher de Palmer kulturgunean bertan. Gainera, Bi Poliedro elkarlanean duten proiektuan oinarrituriko kontzertua emango dute bertan, azaroaren 23an, 20:30etan.
Udazken honetan Aquitaine.eus –ek euskal dantzari ere erreparatuko dio: azaroaren 8tik abenduaren 10era bitartean euskal dantzari buruzko SOKA multimedia erakusketa zabalik izango da Lons (Biarno) herriko Mediatekan; beraz, Euskal Herritik kanpo lehen aldiz ikusi ahal izango da. Euskal Kultur Erakundearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta DSS2016-ren laguntzaz ekoitzitako erakusketa hau, lau hizkuntzetan dago -euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez-, eta datozen hilabeteotan bidaiatzen jarraituko du Aquitaine.eus programaren baitan.